Aquí están, estos son los cojones del león.

Hamabost urtetik hamazortzi urte bitartean gutxi gorabehera, Athleticeko abonatua izan nintzen. Igandero-igandero joaten nintzen San Mamesera, lehoiak eta lehoikumeak bihotz gartsuz animatzera. Hala ere, gero eta deserosoago nengoen: ez nituen jasaten futbolarien oilartxo plantak, nola jartzen ziren muturrez mutur, gangarra tinko, gutxieneko ika-mika sortzen zen bakoitzean; are gutxiago jasaten nituen ikusleen alauri basatiak, modu txarrak, zikinkeria, egun batean bai eta bestean ez niri ipurdia ikutu beharra aukerarik txikiena aprobetxatuz; eta batez ere, eraman ezinak bihurtu zitzaizkidan euren proklama matxista eta arrazistak. "Aquí están, estos son, los cojones del león!". Claro, eran los cojones. Era la esencia macha lo que determinaba su exquisita pericia deportiva.
Etorri zen Real Madrid San Mamesera. Hugo Sánchez mexikarrak jokatzen zuen. Jakina, ni Athleticen aldekoa nintzen, eta, areago: Real Madrilen kontrakoa. Baina Hugo Sánchez zelairatu zen unean, San Mameseko masa hark ahots bakar batez, milaka ahotsen batura beldurgarriaz, agurtu zuen Hugo Sánchez. Eta oihu horrek zioen: "¡Indio, indio, indio!".

Egun horretan erabaki nuen amaitu zela, ni ez nintzela horkoa.

Atzo egun osoa pasatu nuen tripak nahastuta eta barrenak erreta, indarkeria matxistak animaliak bezala akabatutako bi emakume horien hilketa basatiagatik. Baina horren errematea izan zen gure San Mames eternoari, gure lehoien katedralari agur egiteko ekitaldian matxismoaren biktima bi horientzako isiltasun minutu bat ere egon ez izana. Baina, ondo pentsatuta, ez da hain harritzekoa: bizirik dauden emakumeak, eta beren klubekoak bertakoak, hau da, Athleticeko emakumeen taldeak ere ez baldin bazuen lekurik izan halako zeremonia distirantean (nahiz eta, kirolaren ikuspegi hutsetik, gizonek baino askoz paper hobea egin txapelketetan beti), nola izango zuten ba tokirik hilda dauden eta "gureak" ez diren bi atzerritar horiek? "Bilbo konmozionatuta dago gertatutako izugarrikeriarekin" zioen goizean udalaren ordezkariak. Baina, bueno, gure Ahtleticek pena guztiak ahanztarazten ditu.

Aquí están, estos son los cojones del león...

Reply · Report Post